Elkargik eta BIC Gipuzkoak Ekintzaileentzako Zuzendaritza Aurreratuko Programa martxan jartzen dute aurten ere.

Mikel Larranaga

Elkargik eta BIC Gipuzkoak Ekintzaileentzako Zuzendaritza Aurreratuko Programa jarri dute gaur abian, zeinak erreferente izan nahi baitu ekintzailetzaren alorrean, ezagutza espezializatua eta esperientziak emanez enpresa-proiektu berrien kudeaketan. Programa horretan izen handiko adituek hartuko dute parte, saio teorikoak eta praktikoak konbinatuko dituzte, eta zenbait kasu garrantzitsu aztertuko dituzte.

Programa hori, bereziki, hazteko aukera handia duten eta inbertsio bila dabiltzan oinarri zientifiko-teknologikoko proiektu edo enpresa berritzaileen buru diren ekintzaileentzat da.

Ekintzaileentzako Zuzendaritza Aurreratuko Programa horren edukia zortzi modulutan banatzen da, zeinek enpresa-proiektuak garatzeko oinarrizko alderdiak jorratzen baitituzte, hala nola pertsonen kudeaketa, estrategia, merkatua, finantzak, berrikuntza, komunikazioa eta inbertitzaileak bilatzeko proiektuen prestaketa.

Modulu horietan, izen handiko adituek hartuko dute parte, hauek, esate baterako: Mathieu Carenzo, IESEko Ekimen Ekintzaileko eta Berrikuntzako irakaslea; Roberto López Canas, MÁS INNOVACIÓN ORGANIZACIONAL-eko bazkide sortzailea; Javier Hernández de Miguel, LITTELFUSE Corp. enpresa teknologikoko zuzendaria, eta ELKARGI SGR-eko profesional adituak.

BIC Gipuzkoako zuzendari Marisa Arriolaren iritziz, “Programaren helburua da hazteko aukera handia duten enpresetako antolaketa-kudeaketari buruzko ikuspegi globala ematea zuzendariei eta ekintzaileei, eta, horretarako, honako hauek bereziki azpimarratzea: estrategia eta antolakuntza-aldaketarako gaitasuna, lidergoa, enpresarentzat talentua erakartzea eta hari eustea, eta etika, erakundeen arrakastaren oinarri gisa”.

Ekintzaileentzako Zuzendaritza Aurreratuko Programaren trebakuntza-ereduak saio teorikoak eta praktikoak konbinatuko ditu, eta, zenbait modulutan, kasu-metodoa landuko da, zeinak parte-hartzaileentzat garrantzitsuak diren esperientziak aztertuko baititu, ZipCar, Naturhouse edo Q&A, esate baterako. Esperientzia horien bidez, programan parte hartzen duten eta beren enpresa-proiektua sustatzen ari diren ekintzaileentzako balio handiko zenbait egoera ikusiko dira.

Ekimen aitzindari hau ekosistema ekintzaileak eta ekosistema ekintzailearentzat sortutako proiektu integral berri baten parte da; haren bidez, finantzaketa-lerro espezifikoak, laguntza eta mentoringa jarriko dira abian, baita abiaraziko den trebakuntza espezializatua ere. Azken batean, jarraipena eta hedapena izan nahi dituen irtenbide global berri bat da