Nafarroako Gobernuak Elkarren Bermerako Sozietateekiko (EBS) hitzarmenak berritu ditu nafar ETEen finantzaketa errazteko

Pilar Irioien, Zenón Vázquez, Manu Ayerdi, Pablo Cámara, Izaskun Goñi

Sodena enpresa publikoak nafar ETEei urteko 45 milioiko abalak ematea onartu du, Elkargirekin eta Sonagarrekin kudeatuta.

Garapen Ekonomikoko jarduneko lehendakariorde Manu Ayerdik, Sodenako lehendakari gisa, Elkargirekiko eta Sonagarrekiko hitzarmenen berritzea sinatu du, eta horren bitartez, sozietate publikoak 11,25 milioiko gehienezko konpromisoa hartu du bere gain hitzarmenak indarrean izango den hiru urteetako bakoitzean, nafar enpresariek finantzaketara duten sarbidea hobetuz.

Elkargiren izenean, Zenón Vázquez zuzendari nagusiak sinatu du hitzarmena, eta Sonagarren izenean, Pablo Cámara zuzendari nagusiak.

Gogoratu behar da Nafarroako Gobernuak 2016ko apirilean sinaturiko hitzarmenaren ondorioz, Exekutiboak, Sodenaren bitartez, Elkarren Bermerako Sozietateek (EBS) enpresa eskatzaileei emadako abalak babesten zituela portzentaje jakin bateraino, eta horri esker, enpresek negoziatzeko jarrera hobeagoan jo zezaketela banku-entitateetara kreditu eskean.

Indarraldi eta funtzionamendu berberarekin, Sodenak 11,25 milioiko urteko konpromisoa hartu du bere gain berrabal autonomikoaren babesa berritzeko, eta urteko 25 milioi euroko guztizko zenbatekoa duten eragiketak egiteko aukera ireki du Elkargiren abalarekin, eta 20 milioikoak Sonagarrekin. Iraungitako hitzarmenetan, Sodenaren urteko konpromisoa 9 milioi eurokoa zen. Babes publikoari esker, sozietate abalistek arrisku-azterketarako irizpideak zabaltzen ahal dituzte.

Berrabal autonomikoa, nagusiki, gehienez 250 langile dituzten enpresa txiki eta ertainen finantzaketa bermatzera bideratuta dago, gehienez milioi bat euroraino, inbertsio berriak, nazioartekotze prozesuak nahiz zirkulatzailearen kontsolidazioa errazteko.

Efektu biderkatzailea

2018ko abenduan bukatu den hirurtekoan, berrabalak 1,7ko efektu biderkatzailea izan du. Hau da, Nafarroako Gobernuak 16,5 milioi euroko arriskua hartu du bere gain, eta enpresek eta autonomoek 100,3 milioi euroko guztizko balioa duten abalak lortu dituzte, bankuetan 171,2 milioi euroko finantzaketa eskuratu dutelarik. Enpresek eta autonomoek inbertsioetara bideratu dute zenbateko horren % 73, eta % 16, zirkulatzailea hobetzera.

Berritutako akordioez profitatu nahi duten enpresa txiki eta ertainek EBS sinatzaileetara (Elkargi eta Sonagar) jo behar dute eragiketaren baldintzak negoziatzeko.

EBSrekiko akordioa (zenbatekoa, epea eta bermeak) lortuta, EBSko Arrisku Batzordeak eta Sodenak berretsi beharko dute. Tramite honek bizpahiru aste irauten ahal du, eskaturiko informazio guztia emanez gero.