Merkatu global batean lehiatzeko haztearen garrantzia aztertu da enpresa-jardunaldi batean

Baluarte Batzar Jauregian eta Nafarroako Auditorioan egin da, gaur goizean, “Merkatu global batean lehiatzeko hazi” jardunaldia. Jardunaldi horretan, finantzaketaren inguruko esperientziak trukatu dira —finantzaketa hazkuntzarako tresna den aldetik— eta globalizazioaren eta iraultza teknologikoaren fenomenoari buruz gogoeta egin da. Elkargi elkarrekiko berme-sozietateak sustatu du ekitaldia, Sodena Nafarroako Gobernuaren sozietate publikoarekin elkarlanean, eta sozietate publiko horretako presidente Manu Ayerdi Garapen Ekonomikorako lehendakariordeak eta Josu Sánchez Elkargiko presidenteak inauguratu dute topaketa.

200 enpresabururen, zuzendaritza-kideren eta profesionalen aurrean, Ayerdik adierazi du “hazteko estrategia bat abian jartzearekin, enpresek berrikuntza-ahalmen handiagoa lortzeko aukera dutela, baita produktibitate handiagoa izateko aukera eta inbertsioak errentagarri egingo duten merkatuetara iristeko ahalmen handiagoko proiektuak egiteko aukera ere”. Hori dela eta, eskertu eta baloratu nahi izan du Sodena sozietate publikoak 2016. urteaz geroztik Elkargi eta Sonagar sozietateekin duen lankidetza-hitzarmena. Aditzera eman du hitzarmen hori “Nafarroan neurri berritzailea” dela eta, hitzarmen horri esker, Foru Erkidegoko 400 enpresek aukera izan dutela “inbertsioak egiteko edo zirkulatzaile-premiak estaltzeko, 155 milioi euroko zenbatekoarekin”.

Garapen Ekonomikorako lehendakariaren hitzen ondoren, Josu Sánchez Elkargiko presidenteak, bertaratutakoak agurtu, eta nabarmendu du bere erakundea dela “enpresa txikien eta ertainen aliaturik onena, kreditua erraz eskuratzeko garaian”, finantzaketa hori “modurik eraginkorrenean eta baldintzarik onenean” eskuratzeko aukera ematen baitu.

Bere erakundeak 40 urte hauetan lortutako arrakastaren faktoreak “printzipio argiak” eta “independentzia” izan direla adierazi ondoren, Sánchezek gogorarazi du, 2018an soilik, Foru Erkidegoan “Elkargik 32 milioi eurotik gorako abalak formalizatu dituela, eta horietatik 16,6 milioi (% 52) inbertsioak finantzatzera bideratu direla eta, gainerako % 48aren bidez, zirkulatzaile-premiak eta abal teknikoak estali direla”. Emaitza horiek ikusirik, elkarrekiko berme-sozietate horretako presidenteak ziurtatu du “Elkargik Nafarroako garapenerako egindako ekarpen historikoa 520 milioitik gorakoa dela, emandako abaletan”.

Josu Sánchezen esku-hartzea amaitu ostean, Josu Ugarte SCHNEIDER ELECTRIC sozietatearen iberiar zonako presidenteak hartu du hitza eta aditzera eman ditu zein diren enpresek etorkizunari —ziurgabetasun handiko eta negozio-aukera berriez betetako etorkizunari— berme osoz aurre egiteko giltzarriak.

EHUN INDARTSU ETA LEHIAKORRA

Ondoren, José Zudaire Espainiako Kapital, Hazkunde eta Inbertsioko Elkarteko, ASCRIko, presidenteak gidatu duen mahainguruan, ibilbide arrakastatsua izan duten zenbait enpresaburuk —hala nola Luis Collantes ALBYN MEDICAL enpresako presidenteak, Carlos Eugui EGRIN ALIMENTACIÓN enpresako presidenteak eta Juan Miguel Floristán FLORETTE enpresako zuzendari nagusiak— haien esperientziatik hitz egin dute eta finantzaketak enpresa-proiektu bat hazteko palanka gisa izan dezakeen erabilera ona erakusten duten kasu praktikoak azaldu dituzte.

Ekitaldiari amaiera emateko, Pilar Irigoien Sodenako zuzendari nagusiak hartu du hitza, eta balioa eman dio sozietate publiko horretan “enpresen hazkunde jarraituaren” alde egiten den lanari, lagungarria baita “garrantzi handiko parametroetan, esate baterako salmenten hazkundean, etekinetan, enpleguaren sorreran, nazioartekotzean, inbertsio pribatuaren erakarmenean edo berrikuntzan” eta, horrenbestez, onuragarria baita Foru Erkidegoarentzat ere bai. Amaitzeko, bertaratu diren guztiak animatu ditu “Sodenatik eskain diezazuekegun babesa baliatzera” eta “elkarrekin eta koordinatuta” lan egitera Nafarroak produkzio-ehun “sendoa eta lehiakorra izan dezan”, “gero eta enpresa berritzaileagoetan eta gero eta balio erantsi handiagoko enpresa iraunkorretan oinarrituta”.

Laburpena - argazkiak

José Zudaire Bideoa

Juan Miguel Floristán Bideoa

Carlos Eugui bideoa

Luis Collantes bideoa

Manu Ugarte bideoa