ELKARGIko Administrazio Kontseiluak Zenón Vázquez Irizar izendatu du Sozietateko etorkizuneko zuzendari nagusi

ZENÓN VÁZQUEZ

ELKARGIko Administrazio Kontseiluak, gaur egindako bilkuran, Zenon Vázquez Irizar izendatu du erakundeko etorkizuneko zuzendari nagusi. Joan den udan iragarritako ELKARGIko Zuzendaritza Nagusiaren trantsizio-prozesuaren barruan sartzen da izendapen hori, eta helburua da erakundeko hurrengo Bazkideen Batzar Nagusiaren ondoren Pío Aguirre ordezkatzea. Une horretatik aurrera, Zenon Vázquez izango da ELKARGIko zuzendari nagusia eta, horrela, Estatuan liderra den eta Europako Elkarrekiko Berme Sozietateen artean erreferentea den Elkarrekiko Berme Sozietateko exekutibo goren bihurtuko da.

Zenon Vázquez (1974), Hondarribitarra da eta Deuston Ekonomi eta Enpresa Zientziak ikasitakoa. Kingston-Londonen Finantzetan espezializatu zen eta IESEko PADEa egindakoa da ere. Enpresa eta finantza arloetan ibilbide sakona izan du, bai estatu mailan, nahiz internazionalean. Zehazki, eta azken urteotan, Cie-Automotiven CFO edo Finantza zuzendari moduan aritu da, finantza ingurunearen jakituria sakona garatuz. Erakunde konplexuen lidergoan eta Giza Baliabideen kudeaketan aditua izanik, esperientzia sakona garatu du ere kudeaketa kontrol eta auditoria arloetan.

Zenon Vázquezen izendapena ELKARGIren Izendapen Batzordearen proposamenez egin da, eta Josu Sánchez erakundeko presidentea buru izan duen hautespen-aldiaren parte izan da. Erakundeko presidentearen iritziz, “prozesua oso bizia eta emankorra izan da, hautagaien giza eta lanbide-mailak erakusten duen moduan. Seguru gaude gure erakundearentzat eta erakundearen etorkizunarentzat erabakirik egokiena hartu dugula”.

ELKARGIko presidenteak goraipatu du Pío Aguirrek erakundearen Zuzendaritza Nagusiaren buru izan den bi urte baino gehiagoko aldian egin duen lan bikaina. Aldi horri Gizarte Ekonomiarekin lotzen den OINARRI Elkarrekiko Berme Sozietatearekin bat egin ondoren eman zitzaion hasiera —Aguirre bera izan zen erakunde horretako zuzendari nagusia—. “ELKARGI osatzen dugun 15.400dik gora enpresek eskertzen dugu haren lanerako ahalmena eta gure enpresa txiki eta ertainen, autonomoen eta ekintzaileen finantzaketa hobetzeko egindako ahalegina”, aditzera eman du Josu Sánchezek.

Zenon Vázquezen erantzukizuna, besteak beste, izango da erakundearen 2018-2020 aldirako Plan Estrategiko berria ezartzea. Plan Estrategiko horretan aurreikusten da jarduera % 10 haztea urteko. Plan Estrategikoak, halaber, aintzat hartzen du erakundearen autonomia zaintzea, zuzkidura teknikoen funtsa indartzea eta urtez urte efizientzia hobetzea, horretarako kostua kontrolatuz eta sarrerak hobetuz.

Plan Estrategikoa “erakunde eraldatua eta ilusionatua izango gara, eta enpresen erreferentzia finantzarioa” leloarekin identifikatu da, eta hiru helburu finkatu ditu, 10 ildo estrategikotan eta 28 proiektutan garatuko direnak. Helburu horiek lotuko dira Erakundea eraldatzearekin eta lidergo sendoa integratzearekin, balioa gehituz haztearekin, arrisku bizia gehitzearekin, produktu osagarriak modu jasangarrian txertatzearekin eta, aldi berean, autonomiari eustearekin —erabakiak hartzeko eta estrategiak diseinatzeko ahalmen gisa ulertuta—.