ELKARGIk hitzarmena sinatu du Euskadiko hainbat kooperatiba-erakunderekin

FRANCISCO JAVIER SANZ, JORGE BELAUSTEGUI, AGUSTÍN MENDIOLA, JAVIER GOIENETXEA

Ekonomia sozialeko enpresek arinago eskuratu ahal izango dute proiektu kooperatiboen finantzaketa, Elkargik Kooperatibak Sustatzeko Sozietatearekin (Elkar-Lan), Euskadiko Lan Elkarteen, Irakaskuntza, Kontsumo eta Kreditu Kooperatiben Federazioarekin (Erkide) eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin (EKGK) sinatu duen hitzarmenari esker.

Elkar-Lanek, Erkidek eta EKGK-k proiektu kooperatiboek behar dituzten finantza-eragiketen onarpena errazteko azaldu duten interesari erantzuten dio hitzarmen horrek. Baita Elkargik proiektu horien finantzaketa errazteko azaldutako interesari ere. Izan ere, estatu osoko erakunde abal-emaile nagusia da, ekonomia sozialeko enpresetan espezializatutako bakarra gainera.

Hitzarmena kooperatiba berrientzako inbertsio- eta likidezia-eragiketetara bideratuta dago, 100.000 € arteko maileguak, kredituak, leasingak eta lerro komertzialak 7 urte arteko epeetan finantzatzeko, aktibo material higigarriak zein higiezinak, elementu immaterialetako inbertsioak, likidezia-premiak eta nazioko zein nazioarteko deskontu-lerro komertzialak barne direla.

Hitzarmena Bilbon sinatu dute Elkar-Lan, S.Coop. sozietateko zuzendari Francisco Javier Sanz Santaolallak, Erkideko zuzendari Agustín Mendiola Gorospek, EKGK-ko lehendakari Javier Goienetxeak eta Elkargiko zuzendari nagusi Pío Aguirrek. Azken hori oso pozik agertu da hitzarmenarekin. Izan ere, “ekonomia sozialeko enpresek eginkizun garrantzitsua betetzen dute produkzio-ehunean, aberastasuna eta enplegua sortzen laguntzen baitute, eta funtsezkoa da finantzaketa eskuratzeko erraztasunak ematea proiektu kooperatibo berriak bultzatuko baditugu”.