ELKARGIk eta Adegiren Ekintzaileen Foroak ahaleginak batu dituzte Gipuzkoako ekintzaileei laguntzeko

PÍO AGUIRRE, JESÚS DE LA FUENTE

Pio Aguirre Elkargiko zuzendari nagusiak eta Jesús de la Fuente Ekintzaileen Foroko presidenteak hitzarmena sinatu dute Adegiko Ekintzaileen Foroko kideek dohainik jaso ditzaten Elkargik eskaintzen dituen finantza-aholkularitzako zerbitzuak, haien premien araberako abal-eskaerak planteatzeko helburuarekin.

Ildo horretan, Elkargik Adegiren Ekintzaileen Foroko ekintzaileei bankaz bestelako finantzaketa osagarrietarako ateak zabalduko dizkie, Eusko Jaurlaritzaren Finantzen Euskal Institutuarekin, inbertsio funts publikoekin eta/edo pribatuekin eta bestelako organismoekin egindako hitzarmenen bitartez.

Elkargik, bestalde, Ekintzaileen Foroaren komunitatearekin lankidetzan jardungo du enpresen onurarako finantzaketa eta bermeak lortzeko ahaleginean. Bitartekari gisa arituko da enpresentzako finantza-irtenbideetan, hala nola aktiboen (higiezinen, makineriaren,…) salmentan, erosteko aukerarekin egingo diren alokairuetan (lease-back), makineriako leasing-ean, factoring-ean, eta bestelako irtenbideetan.

Era berean, enpresen ekosistema batera sartzea erraztuko du eta enpresen arteko eskaintzen/eskarien konexioa ahalbidetuko duen ezagutza jarriko du (proiektuak bilatzen dituzten inbertsoreak, inbertsoreak behar dituzten proiektuak, lankidetzak, eta abar).

Hitzarmen horren bidez, Adegiren Ekintzaileen Foroak finkatzeko eta hazteko aukera emango die sortu berri diren enpresa kideei (10 urtetik beherakoei), finantza- eta ekonomia-irtenbideak eskainiz. Elkargik, bestalde, sortu berri diren enpresa horien egitura eta baldintzak hobetzen lagunduko du, abalen, aholkularitzaren eta prestakuntzaren bidez.

Azken finean, hitzarmenarekin bi sinatzaileek bat egiten dute Gipuzkoako ekintzaileei laguntzeko ahaleginean.