ELKARGIk inbertsioak finantzatzeko abalen portzentajea %41etik gora finkatu du

ELKARGI SGR

ELKARGIk sendotu egin zuen 2018an enpresa-inbertsioko proiektuak finantzatzera bideratzen dituen abalen portzentajea ‒burututako guztizko bolumenaren % 41‒ eta % 46 gehitu zuen abalen zenbatekoa mikroenpresa eta autonomoentzat ‒5 langile baino gutxiagoko enpresak‒ segmentu horren aldeko apustu argi batean. Elkarren Bermerako Sozietateak, lider nabarmena izaten jarraitzen duenak arrisku bizian Estatuko EBSen multzoan, joan den ekitaldian 252 milioi euroko abalak formalizatu zituen, % 3,4 gutxiago aurreko urtearen aldean; beherakada hori, beste faktore batzuen artean, jarduera industrialaren geldotzeak eta 2018ko azkeneko hiruhilekoan automobilgintzaren sektorean sortutako ziurgabetasunak eragin zuen.

Horiek dira txostenetan bildutako datuetako batzuk; Josu Sánchezek eta Pío Aguirrek, hurrenez hurren ELKARGIko Presidenteak eta Zuzendari Nagusiak gaur goizean Donostiako Kursaalean izandako Bazkideen Batzar Nagusiaren aurrean aurkeztu dituzte txosten horiek eta bertan jasotzen da, egoera ekonomikoaren eta finantzarioaren analisiaz gainera, Sozietatearen magnitude nagusien eboluzioa.

Plan Estrategikoa eta ondorengotza Zuzendaritza Nagusian

Bazkideen Batzar Nagusiaren aurrean izan duen jardunean ELKARGIko Presidenteak nabarmendu duenez, eratu zenetik 39 urte igaro direnean ELKARGIk oso argi mantentzen ditu bere printzipio eta irizpide fundazionalak, hauek, alegia, ETEei eta autonomoei finantzaketa egoki baterako sarbidea eman eta ahalbidetzea eta baldintza finantzarioak hobetzea.

Erakundearen jarduerarekin lotutako alderdiei dagokienez, bere txostenean, Josu Sánchezek ziurtatu duenez, 2017a Oinarrirekiko fusioaren irmotze urtea izan zen bitartean, 2018a Plan Estrategiko berria garatzeko eta martxan jartzeko urtea izan da. Plan Estrategikoak helburuen hiru lerro nagusi markatzen ditu, bikaintasuna, osotasuna, sormena, talde-lana, malgutasuna eta ilusioa oinarritzat hartuta, eta hori guztia erakundea eraldatze aldera, balioa emanez hazteko eta ELKARGIren autonomia iraunarazteko.

Plan Estrategiko berriak eszenario finantzario txar baterako erronkak planteatzen ditu, % 0ko interes-tasekin, gehiegizko likideziarekin eta banku-lehia handiarekin, baina produktu, hitzarmen eta eragile berriekin, ordea, Elkarren Bermerako Sozietatearentzat aukerak sortzea ahalbidetuko dituztenekin.

ELKARGIko Presidenteak nabarmendu duenez, joan den urtean erakundearen Administrazio Kontseiluak ekindako lanik nabarmenenak, inolako zalantzarik gabe, zerikusia izan zuen Pío Aguirre Zuzendari Nagusiaren ondorengotza-prozesua martxan jartzearekin eta ordeztuko duen pertsonaren hautaketa eta izendapenarekin; Zenón Vázquez da bera, “oso profesional kualifikatua da eta berengan jarri dugu gure konfiantza”.

Josu Sánchezek aitortu duenez, oso pozik dago Administrazio Kontseiluan aho batez hartutako erabakiarekin, eta balioetsi egiten du hautaketa-prozesuan parte hartu duten pertsonen maila profesional eta giza maila izugarri handia. Eta gaineratu duenez, “erakusgarri bat gehiago da, berresten duena errealitate bat dela ELKARGI, etorkizunekoa eta etorkizunarekin, proiektu erakargarri bat, ilusioa eragiten duena, eta horrek, nola ez ba, satisfazio handia eman behar digu, ziurtatu egiten duelako gure zuzendariek eta profesionalek badakitela ELKARGI guztion proiektu bat dela, herrialde proiektu bat, eta berretsi egiten duelako bide onetik goazela, gure enpresen, enpresarien eta enplegatuen garapenean laguntzearen aldeko bidetik, alegia”.

Batzar Nagusiaren aurrean izan duen jardunean, ELKARGIko Presidenteak orain arte sozietatearen Zuzendari Nagusi izandako Pío Aguirre aipatu du, eta hari buruz esan du “ELKARGIk jada duen historia luzearen parte izango da hemendik aurrera. Bi urte eta erdiko bizikidetza izan da gurea, etengabe lanean, eta ELKARGIn egin duen ibilbidea hitz batekin laburbildu beharko banu, eskuzabaltasuna izango litzateke, maiuskulaz”.

Gainera, Josu Sánchezek adierazi duenez, oraingo ingurune ekonomikoaren, enpresarialaren eta finantzarioaren ziurgabetasunak eta konplexutasunak gorabehera, “ELKARGIk ondareari dagokionez oreka irmoa mantentzen du, eta horrek aukera ematen digu Sozietatearen kaudimena babesteko, ETEek dituzten premiei erantzuteari utzi gabe”.

Emaitzak 2018

Bere aldetik, ELKARGIko Zuzendari Nagusi Pío Aguirrek ziurtatu duenez, 2018an erakundeak formalizatutako abalak ia 252 milioi eurokoak izan ziren, % 3,4 gutxiago aurreko urtearen aldean, eta horietatik 104 milioi, guztizkoaren % 41, enpresa-inbertsioko proiektuak finantzatzera bideratu ziren. Estatuko EBS guztiek egindako abalen guztizko bolumenaren % 20 formalizatu zituen ELKARGIk, eta horrek berriro ere eraman du arrisku bizian sektoreko lider nabarmena izatera.

Zuzendari Nagusiak adierazi du ELKARGIren jarduera abal-emaileak portaera ona izan zuela 2018ko hirugarren hiruhilekora arte, eta laugarrenean okerrera egin zuela “jarduera industrialaren beherakadarekin eta automobilgintzako sektorearen gainean eralkitzen ari den ziurgabetasunarekin batera.

Guztira 1.190 enpresa izan ziren 2018an ELKARGIk formalizatutako abal horien onuradun, eta aztertutako eragiketen % 86 onetsi ziren. Inbertsioko proiektuetara bideratutako 104 milioi euroko abalez gain (% 41), beste 69,3 milioi eurok (% 28) zirkulatzailea finantzatzea izan zuten helburu, 68,9 milioi (% 27) abal teknikoak izan ziren eta 9,6 milioi (% 4) birfinantzaziora zuzendu ziren. Onetsitako abalen % 35 sektore industrialeko enpresetara zuzendu ziren (88 milioi euro), % 34 zerbitzuen sektorera (86 milioi), % 16 merkataritzara (40 milioi), % 13 eraikuntzara (33 milioi) eta gainerako % 2 sektore primariora (5 milioi euro). Formalizatutako abalen % 36 Bizkaiko enpresetara zuzendu ziren, % 33 Gipuzkoakoetara, % 18 Arabakoetara eta % 13 Nafarroakoetara. Enpresa onuradunen % 91k 50 enplegatu baino gutxiago dituzte, eta nabarmentzekoa da % 42 mikroenpresak eta autonomoak direla, 5 langile baino gutxiago dituztenak; segmentu horretan emandako abalak % 46 gehitu dira 2017aren aldean.

Era berean, 2018a amaitzean 865,2 milioi eurokoa izan zen arrisku bizia, EBS guztien % 21 eta % 4,8 gutxiago aurreko urtekoaren aldean, neurri handi batean enpresen lekualdaketa progresiboagatik izandako arriskuak ezereztearen eraginez; horrek, beraz, hobekuntza bat erakusten du beren egoera finantzarioetan.

Bere aldetik, ELKARGIren sozietate-oinarria 15.379 enpresak osatu zuten, ia % 1,3ko hazkundearekin. % 38 (5.860) Bizkaiko enpresak dira, % 34 (5.165) Gipuzkoakoak, % 22 (3.418) Arabakoak eta % 6 (936) Nafarroakoak.

ELKARGIk 2018ko ekitaldia % 16,81eko kaudimen-portzentajearekin itxi zuen; % 4,6 gehiago 2017koaren aldean, eta Espainiako Bankuaren eskakizunen oso gainetik. Baliabide propioak 105,9 milioi eurokoak izan ziren. Berandutze-ratioa % 7,4koa izan zen, eta kobraezinen berreskuratzeak baita zorra ordaintzeagatiko higiezinen salmentak ere (ia 10 milioi euro) oso eboluzio positiboa izan zuten.

“Horrela ‒ziurtatu du Pío Aguirrek‒ eta denei esker, ELKARGIk behar adina indar du beste 15.000 enpresari babesa emateko, eta desiratzen gaude. Elkarri emandako laguntzari esker, enpresa orekatuagoak eta iraunkorragoak ditugu, eta aldi berean ongizate handiagoa duen komunitate bat eraikitzen dugu, enpleguaren sorkuntza handiagoarekin eta inklusiboagoa”.

Zuzendari Nagusiak gaineratu duenez, “behin eta berriro jarraituko dugu esaten, orain inoiz baino gehiago, beharrezko dela abal-emaile gaitasuna sendotzea kontratuen eta hitzarmenen bitartez, eta horren adibide ditugu CERSA-Compañía Española de Reafianzamiento enpresarekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta hiru Foru Aldundiekin sinatutakoak, apustu bat baitira EBSak indartzearen alde, ahaztu gabe, gainera, erakunde horiekin eta beste batzuekin enpresak babesteko martxan jarri ditugun programa desberdinak”.

Hala, gaineratu du, “horregatik sinatu ditugu oinarrizko birfinantzamendu-hitzarmenak; Eusko Jaurlaritzarekin, ETEen, Enpresarien eta Autonomoen Finantzazioan Laguntzeko Programaren kasuan adibidez, edo kapital zirkulatzailea finantzatzeko; edo Nafarroako Foru Komunitatearekin, Nafarroaren garapenerako SODENA Sozietatearen bitartez; edo duela gutxi Finantzen Euskal Institutuarekin sinatutakoak, Brexita dela-eta zailtasunak izan ditzaketen enpresak babesteko ‒Nafarroan ere aktibatua Sodenarekin‒ nahiz ekintzaile eta enpresari sortu berriak bultzatzeko, AURRERA programa deritzana, non jadanik finantzazio-lerroaren % 75 estalita dagoen, kontuan izanik Finantzen Euskal Institutuaz gain SPRIk ere parte hartzen duela”.

Nabarmentzekoa da Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundien lankidetzarekin martxan jarritako Berrikuntza Funtsa, “famili aurrezpena/ETE inbertsioa” ekosistemaren zirkulua ixten duena. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiak aktibatutako programak berrindustrializazioa, berrikuntza eta ekintzailetza babesteko, baita emakume ekintzaileak, internazionalizazioa eta langileen aldetik enpresen ondorengotza babesteko ere.

Horiek guztiak benetako neurriak dira, ziurtatu du, ELKARGI partaide dituenak, eta fruitu ematen ari dira. “Gure helburu fundazionaletako bat betetzera zuzendutako ekintzak dira, hain zuzen ere gure enpresei finantzazioa ahalbidetzea ahalik eta prezio- eta epe-baldintza onenetan. Eta, gainera, bat datoz gure Plan Estrategikoan ezarritako misioarekin, hain zuzen ere ETEen eta autonomoen egitura eta baldintza finantzarioak etengabe hobetzeko premiari erantzutea, abalaren bitartez haiei konfiantza emanez, baita aholkularitza eta prestakuntza finantzarioa ere”.

Pío Aguirrek prestakuntzaren eremuan Elkargik izan duen jardueraren portaera positiboa nabarmendu du, kontuan izanik 2018an 30 prestakuntza-ikastaro inguru eman direla gai anitzei buruz: prestakuntza ekonomiko/finantzarioa, juridiko/merkantila, fiskala eta teknologikoa.

EAEko 500 enpresa inguru izan dira prestakuntzarako jarduera horren onuradun, ETEen, mikroETEen eta autonomoen kudeaketa ekonomikoa/finantzarioa hobetze aldera batez ere.

Ingurune ekonomikoa eta finantzarioa

Bazkideen Batzar Nagusiaren aurrean izan duen jardunean, ELKARGIko Presidenteak sozietate honek bere jarduera garatzen duen ingurune ekonomikoa eta finantzarioa aztertu ditu, eta adierazi duenez “eszenario finantzario konplexu baten aurrean gaude, benetan ezegonkorra eta ziur gabea den testuinguru politikoa ahaztu gabe, bai Estatu mailan bai Europa mailan, eta horrek laino beltzak sorrarazten ditu etorkizuneko horizontean”.

Brexitek Europan sorrarazitako ziurgabetasunari buruz, Josu Sánchezek ziurtatu du Europar Batasunak inoiz ez zuela lehendik halako mehatxu eta ziurgabetasunik ezagutu. “Eta egoera horren aurrean –gaineratu du‒ Europak berrasmatzea baino ez du beste aukerarik. Ezinbestekotzat jotzen da Europaren gobernantza sinesgarri bat, erabaki eta mezu unibokoekin, atzera martxarik izango ez dutenekin. Eta horregatik, orain inoiz baino gehiago, behar-beharrezkoa da “Europa Gehiago” politika. Garai batean izan zen Europa hura, izateari utzi ziona, berreskuratzera bideratutako neurriak martxan jarri behar dira, ez dago beste irtenbiderik. Europa eraginkorrago, gardenago eta solidarioago batez ari naiz. Jokoan dugu etorkizuna”.

Gertuen dugun inguruneari dagokionez, ELKARGIko Presidenteak aitortu duenez, “oso adi gauden, oraindik ikusteko daude datozen hauteskundeetako emaitzak, eta enpresari garenez gero jabetu egiten gara gure enpresa-proiektuetan izango duten eraginaz. Eta ezin dugu ezkutatu nolabaiteko kezka, Kontzertu Ekonomikoaren, Kupoaren eta Estatutuaren inguruan sortzen ari diren erasoen eta proposamen sinestezinen aurrean. Euskal autogobernuaren giltzarria da Kontzertua, Euskadiko oraingo eta etorkizuneko oparoaldia eraikitzeko euskarria, herritarren ongizatearen oinarria, eta balio handi bat herrialde honetan bizi den edonorentzat”.

Epe luzeko ikuspegia

Eta horrekin batera, ELKARGIko Presidenteak azpimarratu egin du elkar aditzeko premia, jarduera ekonomikoa eta enpresariala bultzatzea, aberastasuna eta enplegua, herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea sortzea helburu hartuta. “Eta horregatik ezinbestekoa da epe luzeko ikuspegia izatea eta desadostasunak alde batera uztea. Eta, horrexegatik, guztion betebeharra da dagozkigun jardueren oinarriak markatu zituzten sorburuetara itzultzea, etikak eta guztien ongiak lehentasuna izan dezaten idolo faltsuetan oinarritutako beste edozein ereduren gainetik”.

Gainera, azpimarratu duenez, gure enpresen dimentsionamendura eta 4.0 industriaren ezarpenera zuzendu behar da bultzada kolektiboa, funtsezko faktoreak baitira gure etorkizunerako baita gure enpresa-ehunaren etorkizunerako ere. Enpleguaren sorkuntzan, herritarren bizi-kalitatearen hobekuntzan, gazteen enpleguaren arazoari emandako erantzun eraginkor batean, talentuaren erakarpenean eta atxikipenean, eta beharrezko eta ezinbesteko oreka eta kohesio sozialean oinarritutako etorkizun baterako.

ELKARGIko Presidenteak berriro nabarmendu ditu bizitzen ari garen liluramendu finantzarioaren arriskuak, kredituak erraz eta interes-tasa baxuan ematen diren eszenario baten eraginez, kontuan izanik horrek kalteberago bihurtzen dituela gure enpresak merkatu hegakor eta aldakor bateko baldintza-aldaketa posible baten aurrean; izan ere, zirkunstantzia horrek etorkizuneko hazkunde ekonomikoa baldintzatu dezake. Bere iritziz, “oraingo eszenario ekonomiko eta finantzarioak eskatu egiten die enpresei ziurgabetasunak prebenitzeko eta ezabatzeko erantzukizuna berengain hartzeko, eta horretarako funtsezkoa da epe luzerako egonkortasun finantzarioa dibertsifikatzea eta irmotzea, bai enpresak bai herrialde osoa lehiakorragoak eta sendoagoak egingo dituen beharrezko oreka bilatzearren”.

Eta testuinguru horretan nabarmendu du ELKARGIren zereginak duen garrantzia enpresen balantzeari egonkortasuna eta iraunkortasuna ematen dizkion baliabide gisa, betiere baliabide propioen eta kanpoko finantzaketaren arteko beharrezko orekari eutsiz. “ELKARGI beti izango baita enpresen aliatu finantzarioa; izan ere, enpresei dagokien erakundea da, enpresek eta enpresentzat sortua”.

Josu Sánchezek gaineratu duenez, “ELKARGIn itxaropentsu ikusten dugu etorkizuna. Eta hori, besteren artean, produktu berrien garapenari esker, gure kabuz edo administrazioekin lankidetzan, eta gure bitartekaritzaren bidez, gure enpresen zerbitzura jartzen ari garen produktu berri horiei esker. Hala, produktu eta baliabide horiekin nahi diegu aurrea hartu gure ETEen etorkizuneko premiei”.

Enpresa Topaketa: “Etorkizunaz mintzatzen”

ELKARGIko Presidenteak bere jarduna amaitu du 30. Enpresa Topaketari aipamen eginez, ekitaldi honen hiru hamarkada betetzen direnean. “Etorkizunaz mintzatzen. 2050eko munduari buruzko solasaldiak” izenburuaren pean, Topaketa honetan parte hartzen izan dira Iñaki Gabilondo kazetaria, Josu Jon Imaz Repsoleko Kontseilari Delegatua, eta Arantxa González ITCko Zuzendari Exekutiboa - Mundu Merkataritza Erakundearen eta Nazio Batuen Garapen Agentzia.

Enpresa Topaketa hau Iñigo Urkullu Lehendakariak itxi du eta interes eta arreta handia piztu du. Hala, horren erakusgarri ditugu gure inguruneko eremu enpresarial, finantzario eta instituzionaletik etorritako 1.300etik gora gonbidatuak, huts egin gabe bertaratu direnak ELKARGIren urteko elkarraldi handi honetara.

Aldi honetan, ELKARGIk formatu berritzaile bat eratu du, elkarrizketa/solasaldi baten inguruan, komunikazioaren, enpresaren eta ekonomiaren arloko hiru pertsona gailen biltzeko; ideien, irizpidearen eta informazioaren jabe diren hiru pertsona, gutxik bezala ezagutzen dituztenak iristeko dagoen etorkizun hori taxutzen ari diren ezkutuko kontuetako batzuk.

Topaketa hauek beti izan dute etorkizunari aurrea hartzeko eta iristeko dagoenari buruz ikertzeko bokazioa. Aldi honetan, gainera, atzera begiratu nahi izan da, eta topaketa hauetatik pasatu izan diren pertsonek 30 urte hauetan egindako ekarpen garrantzitsuak aitortu; guztiak eragin handiko pertsonak, izen handikoak eszenario ekonomikoan, finantzarioan eta enpresarialean.

 

https://flic.kr/s/aHsmxamhE3