Esleituta, lehen urtean, lau urterako aurreikusitako Aurrera Programaren finantza-linearen % 75

ELKARGI SGR

SPRIk, Finantzen Euskal Institutuak (FEI) eta ELKARGIk bultzatu dute Aurrera Programa, ekintzaileen enpresa-proiektuak finantzatzeko. Bada, Programak, indarrean urtebete egon ondoren, 2018ko martxoan funtzionamenduan hasi zenetik, ekimenerako hasiera batean aurreikusitako lau urteetarako finantza-linea osoaren % 75 esleitu izango du. Eskaeren erritmoari erreparatuta, esan daiteke harrera arrakastatsua izan duela enpresa txiki berrien eta startup-en aldetik. Horiek dira, hain zuzen, finantza-tresna honen hartzaile nagusiak.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak eta Ekonomia eta Ogasun Sailak 2018ko martxoaren 15ean ELKARGI elkar bermatzeko sozietatearekin sinatutako hitzarmenaren emaitza gisa, Aurrera Programak orain arte 31 eragiketa onartu ditu, guztira 3,8 milioi euroz. Gainera, orain arte, 25 eragiketa formalizatu ditu, 2,9 milioi eurotik gorako balioaz.

Horiek modu uniformean banatzen dira jarduera-sektoreen eta EAEko hiru lurraldeen artean. Bizkaia izan da hartzaile nagusia (eragiketen % 44), eta ondoren datoz Gipuzkoa (% 32) eta Araba (% 24). Onartutako eragiketa bakoitzeko batez besteko zenbatekoa 120.000 euro ingurukoa izan da.

Gainera, Aurrera Programak enpleguan duen inpaktua 173 lagunekoa da.

Aurrera Programak 5 milioi euro arteko finantza-lineako zuzkidura du, enpresa txiki eta ertain sortu berrientzako epe luzerako maileguak emateko (jardunean hasi zirenetik gehienez 3 urteko antzinatasun duten enpresentzako, hain zuzen). Enpresa horiek bete beharreko baldintzak dira jarduera ekintzaile bat egitea eta 3 urtetan gutxienez 3 enplegu sortuko dituen enpresa-proiektu batekin konpromisoa hartzea.

Aurrera Programaren bidez, Finantzen Euskal Institutuak zuzeneko maileguak ematen ditu, gutxienez 50.000 eurokoak eta gehienez 250.000 eurokoak, baldintza hauetan: 12 hilabeteko % +1,25eko Euribor interes-tasa, 7 urte arteko amortizazio-epea eta 2 urte arteko gabealdia. Enpresa eskatzaileak proiektuaren finantzaketa-beharraren gutxienez % 30eko ekarpena egin beharko du. Beraz, Finantzen Euskal Institutuak ekarritako 5 milioi euroak zuzeneko inbertsioko 7,15 milioi euro bihurtuko dira, gutxienez.

Finantza-eragiketak Finantzen Euskal Institutuak formalizatuko ditu zuzenean, eta ELKARGIren abala izan beharko dute. ELKARGIk, eskaerak ebaluatzeko, bere abal-jardueran erabili ohi dituen analisi- eta erabaki-irizpideak aplikatzen ditu. Aipatzekoa da eskatzaileei ez zaiela inoiz ere hipoteka-bermerik eskatzen, ezta senitartekoen nahiz proiektuen sustatzaile eta bultzatzaileez bestelako pertsonen sinadurarik ere.

Balorazio zaileko proiektuak izan arren, Programak apustu argia egiten du, inplikatutako agente guztien aldetik (SPRI, FEI, BICak, BEAZ eta ELKARGI), ekintzaileei laguntzeko. Gainera, finantzaketa-linea berri honek osatu egiten du Eusko Jaurlaritzak eskainitako laguntza ekonomikoen zorroa (dirulaguntza, mailegua eta kapitala), eta ETE-ei finantza-tresna berri bat eskaintzen die, malgutasun handiagokoa (aktibo finkoa + zirkulatzailea), epe luzerako ikuspegikoa eta ELKARGIren babesak dakarren bermeduna.