Aurrera Programa berritu egin da startupak bultzatzeko beste 5 milioi gehiagorekin

Ekintzaileei eta ETE sortu berriei zuzendutako eta SPRIk, Finantzen Euskal Institutuak eta ELKARGIk abian jarritako programa horrek 4,5 milioi euro inguruko mailegu-eragiketak egin ditu orain arte

Urte bakarrean, ekimenaren lau urteetarako aurreikusitako ia finantza-linea osoa esleitu da

SPRIk, Finantzen Euskal Institutuak eta ELKARGIk enpresa-proiektu ekintzaileak finantzatzeko bultzatutako Aurrera Programak beste 5 milioi euroko zuzkidura lortu du Euskadiko startupei finantzaketa-lineak eskaintzen jarraitzeko. Akordioa hasiera bateko lau urteetarako aurreikusitako ia finantza-linea osoa lehen urtean esleitu ondoren berritu da. Eskaeren erritmoa dela eta, finantza-tresna horren hartzaile nagusiak diren enpresa sortu berrien eta startupen harrera oso ona izan dela esan daiteke.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak, Ogasun eta Ekonomiako sailburu Pedro Azpiazuk eta ELKARGIko presidente Josu Sanchezek Aurrera Programaren konpromisoa ezartzen duen eta duela urtebete lehen aldiz sinatu zen akordioa berritu dute gaur.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak (SPRIren bitartez), Ogasun eta Ekonomia Sailak (Finantzen Euskal Institutuaren bitartez) eta ELKARGI Elkar Bermatzeko Sozietateak 2018ko martxoaren 15ean izenpetutako hitzarmenaren ondorioz, Aurrera Programak 4,5 milioi euro inguruko 34 eragiketa onartu ditu orain arte, eta ia 3,6 milioi euroko 30 eragiketa egin dira.

Eragiketa horiek hainbat jarduera-sektoretan banatu dira, eta, haien artean, bioteknologia, ekonomia gehigarria, material berriak eta informazioaren teknologiak nabarmendu dira. Aurrera Programa baliatu duten enpresa sortu berri gehienen profil teknologikoaren maila handia bada ere, sektore tradizionalagoei (hala nola ehungintzari eta fisioterapiari) lotutako beste ekimen batzuk ere bultzatu dira.

EAEko hiru lurraldeen arteko banaketa uniformea da. Hartzaile nagusia Bizkaia izan da (eragiketen % 38), eta, haren atzetik, Gipuzkoa (% 35) eta Araba (% 27) kokatu dira. Onartutako eragiketa bakoitzaren batez besteko zenbatekoa 128.000 euro izan da. Gainera, Aurrera Programak enpleguan izan duen eraginari dagokionez, 182 pertsonak lortu dute enplegua.

Ekintzailetza bultzatzen jarraitzeko, Aurrera Programak 5 milioi euroko beste finantza-linea bat lortu du, jarduera hasi zutenetik gehienez ere 3 urteko antzinatasuna duten, ekintzailetza-jarduera bat egiten duten eta 3 urtean gutxienez 3 enplegu sortzeko enpresa-proiektu batekin konprometituta dauden enpresa txiki eta ertain sortu berriei epe luzerako maileguak emateko.

Aurrera Programaren bitartez, Finantzen Euskal Institutuak 50.000 eurotik 250.000 eurora bitarteko zenbatekoa duten zuzeneko maileguak ematen ditu, 12 hilabeteko Euriborra+% 1,25eko interes-tasarekin, 7 urtera bitarteko amortizazio-epearekin eta 2 urtera bitarteko gabealdiarekin. Enpresa eskatzaileak proiektuaren finantzaketa-premiaren % 30eko ekarpena egin beharko du gutxienez, eta, beraz, Finantzen Euskal Institutuak jarritako 5 milioi euroak zuzeneko inbertsioko 7,15 milioi euro izango dira gutxienez.

Finantza-eragiketak Finantzen Euskal Institutuak egingo ditu zuzenean, eta ELKARGIren abala beharko dute. Sozietate horrek eskaerak ebaluatuko ditu, eta, horretarako, bere ohiko abal-jardueran erabili ohi dituen azterketa- eta erabaki-irizpideak aplikatuko ditu. Azpimarratu beharra dago eskatzaileei ez zaiela hipoteka-bermerik eskatuko, ezta senideen edo proiektuen sustatzaile eta bultzatzaileez bestelako pertsonen sinadurarik ere.

Bestalde, gogorarazi beharra dago finantzaketa-linea horrek Eusko Jaurlaritzak eskainitako laguntza ekonomikoen zorroa (diru-laguntza, mailegua eta kapitala) osatzen duela, eta ETEei malgutasun handiagoa (aktibo finkoa + zirkulatzailea), epe luzerako ikuspegia eta ELKARGIren bermea dituen finantza-tresna berri bat eskaintzen diela.

Startupen esperientzia Aurrera programarekin

Gaur egin den prentsa aurrekoan VELTIUMeko Alberto Delgadok eta Naru Intelligenceko Eider Sanchezek ere parte hartu dute. Bi startup hauek Aurrera programak eskainitako finantziazio lerroa erabili dute, eta euren esperientzia azaldu dute gaur.

VELTIUM startup-aren sortzaileetako bat eta zuzendari nagusia den Alberto Delgadoren esanetan, “AURRERA programak industria-jarduera sendotzen lagundu dio Veltium Smart Chargers enpresari. Behin garapenak amaitu ondoren, eskuratutako funtsei esker produktuen fabrikazioaren lehenengo etapak finantzatu ahal izan dira”.

Naru Intelligence enpresaren sortzaileetako bat eta CEOa den Eider Sanchezek adierazi duenez, “Aurrera programaren bidez lortutako finantzazioarekin bizkortu egin da Step sistema, minbizia duten pazienteen jarraipenaren emaitzak hobetzera bideratutako adimen artifizialeko sistema, garatzeko eta merkaturatzeko prozesua”. Eider gustura agertu da finantzazioa lortzeko prozesuarekin ere, arina eta sinplea izan baitzen.