ZIUR eta ELKARGIk zibersegurtasuna gerturatuko diete Gipuzkoako enpresa industrialei

Bi entitateek lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean
Donostia, 2020ko irailak 22

ZIUR Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak eta ELKARGI Elkarrekiko Garantia Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute. Honi esker, finantza erakundeko kide diren Gipuzkoako enpresa industrialetan zibersegurtasun gaitasunak indartu eta garatuko ditu ZIURek. Ainhoa Aizpuru Proiektu Estrategikoen foru diputatuak, Koldo Peciña ZIUR Fundazioko zuzendariak eta Zenon Vazquez ELKARGI-ko zuzendari nagusiak sinatu dute hitzarmena gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundian. "ZIUR-ek, Etorkizuna Eraikizen aterkipean sortutako proiektua denez, gobernantza eredu ireki eta kolaboratibo du oinarri. Etengabe gabiltza lanean bazkide berriak bilatzeko, zibersegurtasuna gure ehun industrialean hedatzen jarraitzeko. Horregatik, ELKARGI bezalako aliatu garrantzitsu bat lortzeak gure ekintza-erradioa nabarmen zabalduko du", esan du Aizpuruk.

Foru arduradunek azaldu dutenez, akordioari esker ZIUR-ek posible izango du lau ardatz nagusiren inguruan antolatutako ekintzak hedatzea: ELKARGI-ko kide diren industria-enpresen artean zibersegurtasun irizpideak zabaltzea, prestakuntza ekintzak egin ahal izateko; ELKARGI-ko kide diren enpresak sentsibilizatzea zibersegurtasunaren inguruan, egiten duten edozein jardueratan kontutan izan dezaten; mintegiak, proiektu pilotuak eta workshopak proposatzea ZIUR-en eskutik, teknologiak, metodologiak, erremintak… balidatu eta gero gainerako enpresa industrialetara zabaltzeko; eta gertutik ezagutzea ELKARGI-ko kide diren enpresentzat interesgarriak diren eta zibersegurtasunarekin lotuta dauden ekimen berriak, enpresak, eskaintza teknologikoa, araudia eta legedia…

ELKARGI-k, bere aldetik, bere enpresen aliatu estrategiko gisako papera indartuz, konpromisoa hartzen du Zibersegurtasun Zentroak abian jartzen dituen eta interesgarritzat jotzen dituen ekimenak bere enpresa elkartuen artean zabaltzeko eta sustatzeko, eta ZIUR-ekin adostutako ekintzak dinamizatuko ditu. Honela, ELKARGI-ko zuzendari nagusiak zibersegurtasunak gaur egun duen garrantzian jarri du azpimarra, eta adierazi du COVID-19 osteko agertokian faktore kritikoa izango dela. “COVID-19 gaitzaren iritsierak azkartu egin du enpresa eta lan mundua bizitzen ari zen transformazio digitalaren prozesua. Horrela bizi izan dugu ELKARGI-n, lehen pertsonan, krisiaren lehen hilabeteetan milaka finantzaketa eskari kudeatuz. Lehentasunezkoa da gure enpresei segurtasuna eta bermea eskaintzea”.

Ildo beretik, Aizpuru diputatuak nabarmendu du “agertoki berri honetan, telelana bezalako modalitateak egonkortu eta indartu egin direla”. “Esan gabe doa digitalizazioak abantaila ugari dituela, baina, segurtasunaren faktorea ahaztuz gero, ziber krimenari ateak zabal-zabalik uzten ariko gara", esan du Aizpuruk. Horregatik, defendatu du ELKARGI-rekin sinatutako hitzarmenak Gipuzkoako industria sektorean zibersegurtasunaren inguruko kontzientzia sortzen eta zabaltzen lagunduko duela.