Albisteak

Elkargik, Guuk-en laguntzarekin, Billin hautatu du enpresa eta autonomoentzako TicketBai-rako irtenbide gisa

11/06/2021

Negoziatutako baldintzei esker, merkatuko preziorik onenean kontrata daiteke Billin-en urteko oinarrizko plana, 55 €-tik aurrera.

Plataforma TicketBai-ri buruz egingo den lehen Azokan aurkeztuko dute, zeina ekainaren 13 eta 14an egingo baita, Gipuzkoako Merkataritza Ganberak antolatuta.

Merkaturatzea eta banatzea ahalbidetuko duen Guuk-en negozioetarako eskaintza honek aukera emango du, datorren astelehenetik aurrera, Billin fakturaziorako onlineko softwarea erabiltzeko. Software horri esker, enpresek ez dute inbertsio gehigarririk egin behar izango.


Donostian, 2021eko ekainaren 11n. Enpresa txikiei eta autonomoei soluzioak eskaini nahian eta haiengandik gertu egon nahian, Elkargik Billin aurkeztu du, TicketBai-ri emandako soluzioa, zeina oso kondizio lehiakorretan merkaturatuko baita Guuk-en lankidetzari esker, hark banatuko baitu. Euskadiko ETE eta autonomoentzako soluzio egokiena da; izan ere, TicketBai araudia betetzea ahalbidetuko duen fakturazio elektronikorako softwarea erabiltzeko obligazioa izango dute 2022tik aurrera, eta soluzio hori eskainiko zaie, ekainaren 14tik aurrera, astelehenarekin.

Elkargiren zuzendari nagusi Zenón Vázquezek nabarmendu duenez, hitzarmenaren helburua da “lurraldeko ETE-ei laguntzea legezko zerga-betebehar berriei modu erraz, seguru eta kontrastatuan erantzuten, kudeaketa-programetan inbertsiorik egin beharrik gabe”. Azken finean, helburua da hiru euskal foru-ogasunek homologatutako fakturazio-plataforma hau enpresa eta autonomoen esku jartzea hodeian edo SaaS gisa (Software as a Service).

Ildo horretan, zuzendariaren esanetan “TicketBai araudia ezagutzera eman zenetik izan dugu Euskadiko ETE-en eta autonomoen kezken berri, eta ahalik eta gehien lagundu nahi diegu, digitalizazio-prozesua modu errazen eta eraginkorrenean egin dezaten. Horregatik, asko pozten gaitu adhoc soluzio hau haien esku jarri ahal izateak, Guuk-en eta Billinen arteko hitzarmenari esker”.

Guuk-en izenean, Juanan Goñi kontseilari delegatuak hitz egin du: “ETE-ei eta autonomoei izugarri eragingo dien egoera honi soluzio erraz eta berritzailea eman nahi izan diogu, haietako askok ez baitute araudia betetzeko moduko sistemarik. Negozio txiki askok eten digital handia du, eta haientzat arazoa da nahitaezko zerga-eskakizun horiek betetzea, etengabe konektatutako ekipo bat izatera behartzen dituztelako, eta, horretarako, kalitatezko zuntz oso azkarra behar dute. Gainera, urteko oinarrizko tarifarik onena eskaintzea lortu dugu, betirako; halaxe egiten baititugu gauzak Guuk-en”.

Bestalde, Billin-en CEO Marcos de la Cuevak adierazi duenez, “TicketBai Euskadiko ETE eta autonomo guztiei eragiten dien erregulazio-aldaketa bat da, eta, horregatik, beharrezkoak iruditzen zaizkigu gaur aurkezten ari garen moduko lankidetzak, negozio horiei guztiei araudi berrira egokitzen lagunduko dieten soluzio egokiak eskaintzeko”.

De la Cuevarentzat, “Elkargi da finantza-aliaturik onena, Guuk da partner teknologiko onena eta Billin hiru ogasunek homologatutako fakturazio-soluziorik onena. Hitzarmen horri esker, Euskadiko ETE eta autonomo guztiek fakturazio-tresna bat izango dute eskura, araudia betetzen eta beren negozioaren kudeaketa hobetzen lagunduko diena. Billin-entzat, argi eta garbi dago Euskadiko negozio guztiei TicketBAIra egokitzen laguntzeko apustua egin behar dugula, eta gure baliabide guztiak jarri ditugu horretan”.

TICKETBAIRI BURUZKO I. AZOKAN PARTE HARTZEA

Enpresa eta autonomoentzako soluzioa abian jartzeaz bat, Elkargik eta Guuk-ek Billin plataforma aurkeztuko dute TicketBai-ri buruzko I. Azokan, zeina ekainaren 13an eta 14an egingo baita Donostian, Gipuzkoako Merkataritza Ganberak antolatuta. Azokan, plataformak enpresa eta autonomoentzat dituen onurak azalduko dituzte; izan ere, erabilerraza eta instalaerraza izateaz gain, oso kostu lehiakorra du alderdi bien arteko hitzarmenari esker.

MERKATUKO PREZIORIK ONENA, URTEAN 55 €-TIK HASITA

Hainbat aukera aztertu ondoren, Elkargik eta Guuk-ek Billin-en alde egin dute. ETE-en eta autonomoen segmentuan, onlineko fakturazioaren startup nagusia da Billin, fidagarritasuna eta heldutasuna frogatuak baititu.

Billin-ek funtzio-aukera zabala eskaintzen du: aurrekontuak, fakturak eta gastuak egin, bidali eta jaso ditzake, bezeroari aplikaziotik bertatik kobratzeko aukera ematen du, nahi beste bezero eta erabiltzaile izan ditzake, eta beti dago ohiko kudeatzailearekin konektatua. Billin-ek Interneteko konexioa duen gailu bat besterik ez du behar funtzionatzeko. Estatuan 120.000 negozioren abala du, TicketBairen ziurtagiria du, eta oso erabilerraza eta intuitiboa da; hori oso garrantzitsua da orain arte plataforma digitalekin esperientziarik izan ez dutenentzat.

Eskaintza ekainaren 14tik aurrera egongo da erabilgarri Guuk-en ohiko kanaletan eta Elkargiren webgunean. Bi aukera izango dira. Batetik, aukera izango da Billin bakarrik kontratatzeko, edo, bestela, Guuk-en PRO zuntzaren eskaintzarekin batera kontratatzeko. Negoziatutako baldintzei esker, merkatuko preziorik onenean kontrata daiteke urteko oinarrizko plana, 55 €-tik aurrera; plataformaren zuzeneko prezioa baino % 43 merkeago da hori.

Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera eskatuko dute nahitaez TicketBai erabiltzea; Arabakoak, berriz, pixkanaka eskatuko du 2022an zehar.

ELKARGIRI BURUZ

Enpresek eta enpresentzat sortutako finantza-erakunde bat da ELKARGI, enpresa-sarearen zerbitzura dagoena. Enpresei beren proiektuak sortzen eta finkatzen laguntzen die, finantzaketaren, aholkularitzaren eta finantza-prestakuntzaren bidez.

GUUK-I BURUZ

Guuk telekomunikazio-zerbitzuen euskal operadore berria da, “hemengoek eta hemengoentzat” sortua. Eskaintza argi eta erraz batekin sortu da, prezio justuak eta betirako eskainiz, eta bezeroak gusturen dituen Euskadiko eta Nafarroako telekomunikazio-operadorea izateko bokazioarekin. Hauxe da Guuk-en elementu bereizgarria: bere zuntz optikozko eta mugikorreko telekomunikazio-sareak dituen eta sare horiekin ia euskal lurralde osoa hartzen duen tokiko operadore bakarra da. Euskadin jaiotako industria-proiektu bat da Guuk, Euskadin eta Nafarroan aberastasuna eta enplegua sortzen dituena.

BILLIN-I BURUZ

TeamSystem taldeko enpresa bat da. Fakturazioa online egiteko programa bat eskaintzen du, negozio txikien jasangarritasunaren lagungarri. Enpresak hainbat zerbitzu eskaintzen ditu, zeinek, teknologia oinarri hartuta, negozioa kontrolpean izaten laguntzen baitute. Billinen funtzionalitateak aprobetxatuz —fakturak sortu, bidali eta gordetzea, besteak beste— profesionalek urtean 120 ordura arte aurreztu ditzakete. Denboraren aurrezpen horrek zuzenean eragiten du produktibitatea areagotzea. Gainera, erregistratzen diren negozioek finantziazio-zerbitzu esklusiboak izan ditzakete jasangarritasun ekonomikoa bermatzeko.