Sodena-ren akordioak Elkargirekin eta Sonagar-ekin erraztu egiten du Nafarroako ETEen 68,7M €-ko finantzaketa

PÍO AGUIRRE, IZASKUN GOÑI

Nafarroako Gobernuak, Sodena sozietate publikoaren bitartez, berritu egin du lankidetza-akordioa elkar bermatzeko ELKARGI eta SONAGAR sozietateekin, kontuan izanik haien azken xedea dela Nafarroako produkzio-ehunaren finantzaketarako sarbide-baldintzak nabarmen hobetzea.

Zehazki, itun horren arabera, eta enpresa txikien eta ertainen, Mikroenpresen, Autonomoen, Saltokien, Ekintzaileen eta Berritzaileen finantzaketa errazteko, Sodenak partzialki osatzen du arrisku finantzarioa, ELKARGIk eta SONAGARek, erakunde abal-emaile diren aldetik, beregain hartzen dutena erakunde onuradunen finantzaketa bermatzeko garaian.

Zehazki, 2016an abian jarritako akordio honen babesean, guztira 420 eragiketa sinatu dira, 68,5 milioi eurotik gorakoak, aurtengo lehenengo hiruhilekora arte. Horietatik, 265 eragiketa ELKARGIk babestuak izan dira, bermatutako guztizko zenbatekoaren % 59, hau da, 40,2 milioi euro; SONAGARek, berriz, 155 eragiketa eta guztizko zenbatekoaren gainerako % 41 , 28,5 milioi euro, alegia.

ERAGIKETA FINANTZAGARRIAK

SONAGARekin eta ELKARGIrekin hartutako konpromisoak 25.000 eurotik 1.500.000 eurora arteko zenbatekoetarako finantzaketa-eragiketak bermatzen ditu gehienbat ETEentzat (250 langile gehienez) eta inbertsio berrietan, nazioartekotze prozesuetan eta kontsolidazio zirkulatzailean dago oinarrituta.

ETE, mikroenpresa eta autonomo interesatuek elkar bermatzeko bi sozietate horietako edozeinetara bertaratu behar dute eta eskaera aurkeztu, aldeen artean negoziatutako azken baldintzen arabera eskatuko zaien informazioarekin batera (zenbatekoa, epea eta prezioa, funtsean). Hortik aurrera, Arrisku Batzordeak aztertu eta onetsi beharko du akordioa. Gainera, bermatzeko sozietatearen izaera kontuan hartuta, bere espezialistek aholkatzen dituzte enpresak euren premietara ondoen egokitzen den kredituari buruz.