Inbertsioetara zuzendutako Elkargiren abalek izandako hazkundeak “susperraldi ekonomiko benetakoa, sendoa eta iraunkorra” ematen du aditzera

PÍO AGUIRRE, JOSU SÁNCHEZ

“Jabetu behar dugu Elkargi enpresen finantza-tresna dela, epe ertainean eta luzean egonkortasuna eta sendotasuna ematen dituena”.

Elkargik ia 261 milioi eurotan formalizatu zituen abalak 2017an. Horietatik 110 milioi —guztizkoaren % 42— enpresa-inbertsioko proiektuak finantzatzera zuzendu ziren. Horrek % 4,3ko igoera dakar aurreko ekitaldiarekiko, eta finkatu egiten du esparru horretako joera-aldaketa, baita euskal enpresa-agertokiaren bilakaera positiboa ere. Hori gertatu zen lehen jarduera-urte osoa burutzearekin batera, 2016ko irailaren amaiera aldean hasitako bat-egite prozesuaren ondoren, Estatuko EBSen erabateko lider gisa.

Elkargiren 2017ko jarduerari buruzko datuetako batzuk dira horiek, erakundeko presidente Josu Sánchezek eta zuzendari nagusi Pío Aguirrek gaur goizean hedabideekin izandako topaketan jakitera emandakoak. Topaketa horretan egiaztatu da susperraldi ekonomikoa benetakoa dela, oinarri sendoetan bermatzen dela, euskal ekonomia modu iraunkorrean hazten ari dela eta, oraingoz, ez duela neke-zantzurik erakusten, ziurgabetasun batzuek irauten badute ere.

Elkar bermatzeko sozietatearen (EBS) arduradunek aditzera eman dutenez: “Elkargitik berretsi dezakegu gora egiten jarraitzen dutela inbertsiora zuzendutako finantzaketa-eragiketek eta, aldi berean, behera egin dutela zirkulatzailera eta birfinantzaketara zuzendutako eragiketek”. Izan ere, 2017an formalizatutako abalen % 42 baino gehiago inbertsioak finantzatzera zuzendu ziren. Garrantzian horien atzetik daude abal teknikoak (gauzatzea, lizitazioa…) —guztizkoaren % 28,5etik gora dira—, zirkulatzailearekin lotutakoak —% 24,5 dira— eta birfinantzaketa-eragiketetara zuzendutakoak —% 5—.

Era berean, Elkargiren arrisku bizia 908,6 milioi eurokoa da 2017ko ekitaldiaren amaieran (hau da, EBS guztien % 22,5), eta ia % 35ean gainditzen du Estatuko rankingeko bigarren berme-erakundea. Bestalde, Elkargik 2017an emandako abalen zifra EBSen osotasunak onartutako guztizko eragiketen % 22 da.

2017an formalizatutako abalen banaketa sektorialari dagokionez, % 38 industria-sektorera zuzendu ziren, % 33 zerbitzuetara, % 15 merkataritzara, % 12 eraikuntzara eta % 2 lehen sektorera. Gainera, sozietate-oinarriak 15.184 enpresa bildu zituen eta % 2,5eko hazkundea izan zuen. Horietatik, % 38,5 Bizkaiko Lurraldeari dagozkio, % 33,5 Gipuzkoakoari, % 22 Arabakoari eta gainerako % 6a Nafarroari.

ETE-entzako prestakuntza finantzarioaren esparruan, Elkargiren jarduerak portaera positiboa izan du. Testuinguru horretan, aipatzekoak dira erakundeko Administrazio Kontseiluaren apustua eta konpromisoa euren tamainagatik edo egituragatik mota horretako zerbitzuak eskuratzeko zailtasunak dituzten enpresentzat babesa eta erraztasuna eskaintzeko.

Era berean, esan beharra dago Elkargik % 16,07ko kaudimen-portzentajeaz itxi zuela 2017ko ekitaldia: 2016koa baino % 5,6 handiagoa eta Espainiako Bankuak eskatutako baldintzen oso gainetik. Berandutze-ratioa (% 6,93) aurreko urtekoaren antzekoa da. Baliabide propioak 108 milioi eurokoak izan ziren.

Horrela, Elkargik ondare sanoa eta orekatua finkatzen du, etorkizunean topatzen dituen aupada berriei aurre egin ahal izateko. Eta, horrekin guztiarekin, ez da ahaztu behar egungo ingurune ekonomiko eta finantzarioa kontuan izanda, jarraitu beharra dagoela sozietatearen kaudimena babestera bideratutako kudeaketarekin, ETE-ek dituzten finantzaketa-premiei erantzuteari utzi gabe.

Elkargi, enpresen faktore estrategiko eta lehentasun gisa

Ildo horretatik, Elkargiko presidenteak baliarazi nahi izan du erakundearen existentzia bera. Erakundea duela 38 urte sortu zen “euskal enpresek finantzaketa baldintza hoberenetan eskuratzeko zuten premiatik. Hain zuzen, premia horrek aukera eman zuen ahaleginak batzeko eta proiektu komun bat partekatzeko, eta premia horrek oraindik dirau eta ziur nago denboran iraungo duela. Izan ere, Elkargiren sustraiak lur honetan daude, bertako enpresa eta enpresaburuetan, egungo eta etorkizuneko belaunaldiei oparotasuna bermatuko dien egitura ekonomikoan. Hori guztia dela-eta, Elkargi existitzea faktore estrategikoa da eta izaten jarraituko du gure enpresen bilakabiderako”.

Ingurune ekonomiko eta finantzarioaren bilakaera modu kualifikatuan aztertu eta baloratzeko Elkargik duen posizioari dagokionez, erakundeko presidenteak adierazi duenez, joera argiro positiboa bada ere, “oraindik baditugu zalantzak, aurki argitzea espero dugunak, susperraldi hori ETE-engana ere heldu ote den; etorkizunak aupada berriak dakartzalako eta, halabeharrez, horiei lehenbailehen aurre egin beharko diegulako. Izan ere, gure enpresak ziurgabetasunez josita dagoen baina, aldi berean, etorkizuneko aukeretan aberatsa den bidearen aurrean daude”.

Testuinguru horretan, lehentasunezkotzat jo du gazteen enplegua bultzatzea, desoreka demografikoak zuzentzea eta eredu ekonomiko berriak eta lanbide berriak diseinatzea: “etorkizuneko enpresa ez baita mugatuko teknologia hobetzera. Haren lehiakortasuna talentua fidelizatzeko duen ahalmenaren araberakoa izango da, transformazio digitala dagoeneko abian den testuinguru batean”.

Era berean, honako hau adierazi du: “euskal enpresak egoera kezkagarrian daude, lan-merkatuan langile kualifikatuak falta baitira proiektu berriak egoki gauzatzeko. Gure iritzian, lehentasunezko arazoa da hori, bereziki kezkatzen gaituena eta, are, finantzaketaren aurretik jarri dena enpresa-kolektiboaren lehentasunen artean”.

Era berean, Elkargiko presidenteak beste alderdi batzuk azpimarratu ditu. Enpresen susperraldia eta hazkundea finkatzeko gainditu beharreko alderdiak dira; hala nola: “negozio-eredu berriak berrasmatzeko beharra; aliatu estrategikoak areagotzekoa; enpresen tamaina handitzekoa; erakundeak berraztertu eta berrikuntzarantz bideratzekoa; enpresaburuen eta zuzendarien lidergoa indartzekoa; enpresen epe luzerako finantza-egitura finkatzekoa —horretan, Elkargi ezin estimatuzko tresna da—; eta inbertsioa areagotzeko bidea emango duten enpresa-marjinak berreskuratzekoa. Azken alderdi horrek asko kezkatzen gaitu; batez ere, gure enpresetako askok oraindik galerak dituztelako eta, era berean, kolektibo horren batez besteko mozkinean narriadura handia egiaztatu delako krisiarekin aurreko garaiekin alderatuta”.

Bestalde, kezka erakutsi du “gure enpresak, batez ere 50 langiletik beherakoak, kreditu-erraztasunaren eta interes-tasa baxuen ameskeria bizitzen ari direlako, eta finantza-baldintzen aldaketa baten aurrean zaurgarriak izan daitezkeelako, Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak berriki egindako azterlan batean aditzera eman duenez. Jabetu behar dugu Elkargik, enpresen finantza-tresnak, epe ertainean eta luzean egonkortasuna eta sendotasuna ematen dizkigula. Elkargik gure etxean egon behar du, Elkargi gurea delako, enpresena”.

Azkenik, Josu Sánchezek bere atxikimendua erakutsi du Euskal Autonomia Itunaren aldeko adierazpen instituzionalarekiko. Adierazpen hori joan den otsailaren 28an eman zen jakitera haren 140. urteurrenagatik, eta Euskadiko esparru politikoaren, sozialaren eta ekonomikoaren ordezkaritza zabal eta plurala atxiki zaio. Elkargik gaitzetsi egiten ditu deskalifikazio oportunistak eta mezu hau azpimarratzen du: “Ituna eta Kupoa tresna zuzena dira, objektiboa eta solidarioa, hitzarmen eraginkor eta garden baten emaitza den sistema, Euskal Herriaren eta Estatuaren arteko harremanei egonkortasuna ematen diena, eta alde guztientzat oso emaitza positiboak ekarri dituena. 2017-2021 bosturtekorako Euskal Kupoaren Lege berriak eta Ekonomia Itunaren aldaketak babes sendoa dakarte zerga- eta finantza-figura horientzat, baita, zalantzarik gabe, onura ekonomiko handia ere gure gizarte osoarentzat. Izan ere, zergen arloan sistema arduratsua da, guztion artean babestu, eguneratu eta bultzatu beharrekoa”.

Bat-egitearen eta lankidetza-hitzarmenen balantzea

Bestalde, Pío Aguirre Elkargiko zuzendari nagusia pozik dago, ELKARGI EGEko eta OINARRI EGEko batzar nagusiek 2016ko irailaren 30ean aho batez onartu zutenetik elkar bermatzeko bi sozietateen bat-egitea eta Elkargi berriari bere onarpena eman ondoren sei hilabete eskas igaro direnean, emaitzazko erakundeak arrakastaz eta ezin azkarrago integratu izateagatik.

Indarrean dagoen araudiaren babespean estamentu publikoek eskatutako hiru hilabeteak legezko izapideak betetzen eman ondoren, eta Merkataritza Erregistroan izen eman eta gero, sozietate berria operatibo zegoen 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta bere jarduera abal-emailea eta finantzarioa ELKARGI markaren pean zabaldu zuen.

2017an, Elkargik bat egindako bi erakundeetako plantillen integrazioa osatu zuen eta lanpostu guztiei eutsi zien. Gainera, giza taldea lau bulego eragileetan (Bilbo, Donostia, Iruñea eta Gasteiz) birbanatu zen. Halaber, bat-egitearen ondorioz sartutako egitura-aldaketen artean, aipatzekoa da merkataritza-zuzendaritza bat eta ekonomia sozialeko arlo bat sortu izana.

Bestalde, 2017an, Elkargik berritu eta bultzatu egin du bere apustu historikoa enpresa-finantzaketa hobetzearen alde. Hala, abian jarri du euskal kolektibo ekonomiko eta enpresarialei laguntzeko asmo handiko programa bat, guztira 22 lankidetza-hitzarmen sinatu baititu beste hainbeste elkarte eta erakunderekin. Horiekin batera, elkar bermatzeko sozietateak lagundu egingo du baldintza finantzarioak optimizatzen familia-enpresentzat, langile autonomoentzat, ekintzaileentzat, enpresa berritzaileentzat edo ekonomia sozialekoentzat. Arlo horretan, hain zuzen, Elkargi liderra da Estatuko EBS guztien artean.

 

Hitzarmen horiek abiaraztea ELKARGIren estrategiaren parte da ekimen eta tresna berriak diseinatu eta garatzeko. Hala, helburua izanik aurrerakin, lizitazio eta bermeetarako abal teknikoa, enpresa-inbertsioko proiektu berriei zuzendutakoa edo likidezia lortzera zuzendutakoa lortzea, ekimen eta tresna horiek erraztu egin behar dute ETE-ek, autonomoek eta ekintzaileek ahalik eta baldintza hoberenetan finantzaketa eskuratzea, haien sustatzaileen ideiak eta proiektuak gauzatzeko.

Finantzabide berriak eta Elkargi Online

Elkargik zabaldutako jardueran, aipatzekoa da ETE-entzako finantzabide berriak eta finantza-tresna berritzaileak abiarazi izatea. Hala, Elkargik 2017an sinatutako hitzarmenen artean nabarmentzen da Bizkaiko Foru Aldundiarekin izenpetutakoa lurralde horretako enpresen nazioartekotze-proiektuak bultzatzeko, kolektibo horrentzat finkatutako kreditu-baldintzak hobetzen dituzten abalen lerro berri bat irekita. Hitzarmenean aurreikusita dago nazioartekotze-prozesuak finantzatzeari lotutako hiru hautabidetarako abalen lerro bat: inbertsioa, likidezia eta esportazio-lerroak.

Era berean, Elkargik lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, lurralde historiko horretan enpresei finantzaketa eskuratzen laguntzeko; zehazki, enpresen berrindustrializazio eta eraldaketako prozesuetan laguntzearekin lotutako inbertsioei dagokienez, bertako enpresen lehiakortasunean onura ekarriko duten prozesuetan. Horretarako, enpresaren kapitalean langileen partaidetza bultzatuko da, nazioartekotze-prozesuak indartuta eta oinarri teknologikoa duten enpresa berriei finantzaketa eskura dezaten lagunduta.

Bestalde, 2017an, Elkargik bi hitzarmen sinatu zituen Donostiako Sustapena sozietatearekin. Horien helburua zen Donostiako enpresa berritzaileei eta/edo oinarri teknologikokoei eta, baita ere, bertako merkataritza- eta ostalaritza-sektoreei laguntzea finantzaketa eskuratzen.

Gainera, finantza-tresna berrien barruan, Elkargik eta Geroa BGAEak sinatutako hitzarmenaren bidez, enpresa berritzaileentzako eta ekintzaile berrientzako finantzaketa ematen da. Finantzaketa hori bi fasetan dago banatuta. Lehen fasean, Geroak enpresak aztertzen ditu —horietan 50.000 euro arteko inbertsioa egingo du— eta, bigarrenean —finkatze-fasean—, Elkargik beste finantzaketa bat abalatuko du mailegu bidez.

Bestalde, nabarmentzekoa da Elkargi Online plataforma sortu izana: Estatuko EBS guztien proiektu komun batean sartutako ekimena, Elkargi liderkide izan duena eta erakundearen sozietate-oinarriarentzat eskuragarri dagoena. Plataforma digital berriak Elkargiren apustu erabakigarria dakar digitalizazio-prozesuen eta erakundearen osotasunean horiek ezartzearen alde. Plataforma digital berriak ahalbidetuko du abala eskatzen duten enpresek aurkeztutako dokumentazioaren ikuspegi argia eta eguneratua ematea, eta bazkideari jakinaraziko dizkio eskaera-prozesuarekin lotutako litezkeen gorabeherak eta kudeaketen bilakaera.

Apirilak 25, Bazkideen Batzar Nagusia eta XXIX. Enpresaburu Topaketa

Elkargiko Bazkideen Batzar Nagusia eta ondorengo Enpresaburu Topaketa datorren apirilaren 25ean izango dira Donostiako Kursaal jauregian. “Etorkizun berriaren protagonistak, gako ekonomikoak, finantzarioak eta enpresen arlokoak aurrea hartzeko, gure ahalmena erakusteko eta berori baliarazteko” izango da topaketaren izenburua. Topaketan, besteak beste, txostengile hauek hartuko dute parte: Guillermo Ulacia Tubos Reunidos-eko presidenteak, Lupina Iturriaga Fintonic-eko fundatzailekideak eta José Poza Másmovil Ibercom-eko presidenteordeak.

Iñigo Urkullu lehendakariak itxiko du ekitaldia. Bertan, horizontean sumatzen den etorkizun berria aztertuko du, sinetsita garaia iritsi dela aurrea hartzeko, gure ahalmena erakusteko eta berori baliarazteko. Horretarako, abiapuntua da gure enpresek nazioartean bezeroen eta merkatuen aintzatespena dutela, eta Euskadi izena itsasoetatik eta mugetatik harantzago eramaten dutela. Munduko marka liderrak ditugu, besteak beste, automozioaren sektorean, sektore aeroespazialean, edota energiaren, biozientzien eta nanoteknologiaren sektoreetan. Gure enpresa-egitura merezimenduz dago sartuta munduak aurrera egitea ahalbidetzen duen taldean.

 

Gure enpresaburu, zuzendari eta profesionalak gai izan dira egokitzeko, eta eraginkorrenak, produktiboenak eta berritzaileenak izateko arazo konplexuenetarako eta aupada handieneko proiektuetarako irtenbideak bilatzen. Ingurune egituratuan, egonkorrean eta dinamikoan bizi gara, kezkak, ekimenak eta proiektuak sustatu eta bideratzeko gauza den ingurunean. Beraz, etorkizun hobea eraikitzeko erantzukizuna dugu; eta hori batera egiteko mandatua dugu, gure etorkizunaren protagonista izateko aukera emango diguten hautabideak bilatzeko.