ELKARGI urteko % 10eko erritmoan haziko da datozen hiru urteotan, eta 335 milioi eurotan formalizatuko ditu abalak 2020an

JOSU SÁNCHEZ, PÍO AGUIRRE

ELKARGI urteko % 10eko erritmoan haziko da datozen hiru urteotan, eta 335 milioi eurotan formalizatuko ditu abalak 2020an. Aldi berean, bere zor bizia 935 milioi eurotan jarriko du urte hori amaitzean, 2018-2020 Plan Estrategikoan jasotakoaren arabera. Plan hori Ezohiko Administrazio Kontseiluak onartu zuen joan den apirilaren 12an egindako bileran, eta gaur aurkeztu zaio Bazkideen Batzar Nagusiari.

Horiek dira Josu Sánchezek eta Pío Aguirrek (ELKARGIko lehendakariak eta zuzendari nagusiak, hurrenez hurren) egindako txostenetan jasotako datuetako batzuk, Bazkideen Batzar Nagusian aurkeztutakoak. Batzar hori gaur goizean izan da Donostiako Kursaalen. Horietan, ekonomia- eta finantza-egoerari buruzko azterketaz gainera, Sozietatearen magnitude nagusiek izandako bilakaera adierazten da.

2018-2020 Plan Estrategikoa

Datozen hiru urteotan ELKARGIren jarduera gidatuko duen Plan Estrategiko berrian, era berean, helburu hauek jasotzen dira: erakundearen autonomiari eustea, Hornidura Teknikoen Funtsa sendotuta; eta, baita ere, eraginkortasuna urtero oinarrizko 2 puntu hobetzea, horretarako, kostua kontrolatuta eta diru-sarrerak hobetuta.

Erronka horiek kontrako finantza-agertoki baterako planteatzen dira —% 0ko interes-tasak, gehiegizko likidezia eta banku-konkurrentzia handia—, baina produktu, hitzarmen eta agente berriekin. Horiei esker, Elkar Bermatzeko Sozietatearentzat aukerak sortuko dira.

Plan berrian —haren prestaketan plantillaren osotasunak parte hartu du— egiaztatzen da ELKARGI Estatuko elkar bermatzeko sozietateen erreferentea dela, Europako erreferentea eta sektoreko lider ukaezina; baina, Josu Sánchezek gehitu duenez: “hoberenak ere izan nahi dugu; bikaintasuna helburu dugu”.

Plan Estrategikoa goiburu honekin identifikatu da: “erakunde eraldatua eta ilusionatua izango gara, eta enpresen erreferentzia finantzarioa”. Bada, Planak hiru helburu ezarri ditu, 10 ildo estrategikotan eta 28 proiektutan garatuko direnak eta zerikusia dutenak erakundea eraldatzearekin eta lidergo sendoa integratzearekin, balioa ekarriz haztearekin, arrisku bizia areagotzearekin eta produktu osagarriak modu iraunkorrean gehitzearekin, eta, aldi berean, autonomiari eustearekin —autonomia ulertuta erabakiak hartzeko eta estrategiak diseinatzeko gaitasuntzat—.

2017aren eta 2018ko 1. hiruhilekoaren emaitzak

ELKARGIko zuzendari nagusi Pío Aguirrek esan duenez, 2017ko ekitaldian erakundeak inbertsiora zuzendutako finantzaketa-eragiketak areagotzen jarraitu du eta, aldi berean, zirkulatzailera eta birfinantzaketara zuzendutako eragiketak jaitsi dira. Gainera, joera horri eutsi zaio 2018ko lehen hiruhilekoan.

Elkargik ia 261 milioi eurotan formalizatu zituen abalak 2017an. Horietatik 110 milioi —guztizkoaren % 42— enpresa-inbertsioko proiektuak finantzatzera zuzendu ziren. Horrek % 4,3ko igoera dakar aurreko ekitaldiarekiko. ELKARGI berriz ere erabateko liderra izan zen Estatuko elkar bermatzeko sozietateen artean.

Era berean, arrisku bizia 908,6 milioi eurokoa da 2017aren amaieran (hau da, EBS guztien % 22,5), eta ia % 35ean gainditzen du Estatuko rankingeko bigarren berme-erakundea. Bestalde, sozietate-oinarria 15.184 enpresara heldu da, % 2,5 inguruko gehikuntzaz.

Elkargik % 16,07ko kaudimen-portzentajeaz itxi du 2017ko ekitaldia: 2016koa baino % 5,6 handiagoa eta Espainiako Bankuak eskatutako baldintzen oso gainetik. Baliabide propioek 108 milioi euro gainditu dituzte.

2018ko lehen hiruhilekoan ELKARGIk zabaldutako jarduerari dagokionez, formalizatutako abalen balioa ia 74 milioi eurokoa izan da; hau da, % 12ko gehikuntza lortu da aurreko urteko aldi berarekiko. Abal horien % 58 abal finantzarioak izan dira. Jardueraren gehikuntza horrek bidea eman du arrisku-mailei eusteko. Izan ere, horiek 908 milioi euroren gainetik jarri dira joan den urteko martxoa amaitzean.

Erronkak eta ziurgabetasunak

Bazkideen Batzar Nagusiaren aurrean egindako hitzaldian, ELKARGIko presidenteak analizatu du EBSak bere jarduera zein ingurune ekonomiko eta finantzariotan egiten duen. Ingurune horren bereizgarri dira hazkundea eta susperraldia. Honako hau nabarmendu du: “Euskal Autonomia Erkidegoak datozen hiru urteotan bere zorra BPGaren % 13ra jaistea lortuko du. Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak, berriz, 2036. urterako finkatu du helburu hori autonomia-erkidegoen osotasunerako. Era berean, erakunde horrek kalkulatzen du 2018an eskualdeen zor osoa amortizatzeko pertsona bakoitzeko zenbat lanegun behar diren; eta, Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, zifra hori 50 egun litzateke. Hortaz, esfortzu txikiena behar duen erkidegoa izango litzateke”.

Aurreikuspen horiekin, zerga-bilketaren gehikuntzari buruz berriki atera diren datuen arabera, Josu Sánchezek azpimarratu duenez, politika industriala bultzatzea, inbertsio publikoaren areagotzea eta euskal enpresari laguntzea erabakigarritzat agertzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren etorkizunerako. “Bultzada eta laguntza horiek, 4.0 industria ezarri eta finkatzera bideratuta —gure enpresa txikiak birdimentsionatzearekin batera—, funtsezko faktore bihurtzen dira gure enpresa-egiturarentzat etorkizun arrakastatsua igartzeko. Etorkizunak, zalantzarik gabe, oinarri hauek izan behar ditu: enplegua sortzea, herritarren bizi-maila hobetzea, gazteen enpleguaren arazoari erantzun irmoa eta eraginkorra ematea eta ezinbestekoa den oreka eta kohesio soziala lortzea”.

“Eta horrek guztiak —gehitu du ELKARGIko presidenteak— nazioartekotzean, berrikuntzan eta lankidetzan aurrera egiteko bultzadaren parte izan behar du. Hain zuzen, horiek dira atzeraezinezko prozesu baten ardatzak euskal enpresa-egitura eta, azken batean, Euskal Autonomia Erkidegoa epe ertainera hazkunde iraunkor eta egonkorraren abangoardiarako bidean eramateko. Eta horri gehitu beharko zaio ezarritako helburuak lortzea ziurtatzeko beharrezkoa den etengabeko ahalegina talentuarekin eta ezagutzarekin lotuta”.

Hala ere, Josu Sánchezek gogorarazi duenez, oraindik ere badira zenbait ziurgabetasuna eta, bere iritzian, horiek eskatzen dute erronka berriei aurre egitea. Horien artean aipatu du negozio-eredu berriak berrasmatzeko beharra, aliatu estrategikoak areagotzekoa, enpresen tamaina handitzekoa, erakundeak berraztertu eta berrikuntzara bideratzekoa, enpresaburu eta zuzendarien lidergoa indartzekoa eta enpresen epe luzerako egitura finantzarioa finkatzekoa —horretan, ELKARGI ezin estimatuzko tresna da—.Eta, horrekin batera, inbertsioa areagotzeko bidea emango duten enpresa-marjinak berreskuratu behar dira.

Halaber, nabarmendu du euskal enpresek aditzera emandako kezka, euren proiektuak egoki gauzatzea ahalbidetuko duten langile kualifikatuak aurkitzeko gero eta zailtasun handiagoen aurrean. “Eta, testuinguru horretan, guztiz ontzat hartzen dut Lankidetzako Esparru Hitzarmena, Eusko Jaurlaritzak eta Confebaskek apiril honen 16an sinatutakoa, berariazko lanbide-profilak dituzten enpleguak betetzeko euskal enpresek dituzten beharrei erantzuteko. Izan ere, behar horiek 30.000 lanpostutan baloratu dira ekitaldi honetarako, eta 100.000 lanpostutan hemendik hiru urtera”.

“Gure etorkizunaren protagonistak”

Hitzaldia amaitzeko, ELKARGIko presidenteak 29. Enpresaburu Topaketa aipatu du. “Gure etorkizunaren protagonistak” izenburupean, honako parte-hartzaile hauek izan ditu: Tubos Reunidos-eko eta CEOEko Industria Batzordeko presidente Guillermo Ulacia, Fintonic-eko fundatzailekide eta CEO Lupina Iturriaga eta Másmóvil Ibercom-eko presidenteorde José Poza.

Enpresaburu Topaketari Iñigo Urkullu lehendakariak eman dio amaiera, eta interes eta ikusmin handia sorrarazi du. Horren froga da gure inguruneko enpresen, finantzen eta erakundeen esparruko 1.200 gonbidatu baino gehiagoren parte-hartzea; izan ere, ez baitute huts egin nahi izan ELKARGIren urteroko topaketa handian.

Jardunaldiaren ardatza izan da gako ekonomikoak, finantzarioak eta enpresakoak analizatzea. ”Horiek —esan du ELKARGIko presidenteak amaitzeko— bidea emango digute, ekonomia- eta enpresa-egitura gisa, eta herrialde gisa ere, aurrea hartzeko, gure ahalmena erakusteko eta berori baliarazteko; hau da, gure etorkizunaren protagonista izateko. Bezeroek eta merkatuek nazioartean aintzatesten dituzte gure enpresak. Gure enpresaburu, zuzendari eta profesionalak gai izan dira egokitzeko eta eraginkorrenen artean egoteko. Talentua, asmamena, teknologia, berrikuntza eta lankidetzarako ahalmena ditugu. Eta ingurune egituratuan, egonkorrean eta dinamikoan bizi gara. Beraz, etorkizun hobea eraikitzeko erantzukizuna dugu, oinarri hartuta pertsonak eta balioak, ondo egindako lana, etengabeko hobekuntza eta ingurunearekiko konpromisoa”.