Bizkaiak berrikuntza sustatzeko lehenengo Europako funtsa onetsi du

Berrikuntza Funtsa Solventisek eta Elkargik elkarlanean kudeatuko dute, eta enpresa txiki eta ertainek garatzen dituzten berrikuntza teknologikoko proiektuak interes baxuarekin finantzatuko dituen lehenengo funtsa da. Elkargik % 100ean bermatuko du. Bizkaiko zergadunek funts horretan egiten dituzten ekarpenek % 15eko kenkaria izango dute PFEZaren kuotan, gehienez 750 euro. Bankoa, BBVA, Caixabank, Kutxabank, Laboral Kutxa, Rural Kutxa, Sabadell eta Santander erakundeek herritarrek funtsari egindako ekarpenak bideratuko dituzte uztaileko hamaseitik aurrera.

Bizkaiko Foru Aldundiak aitortu du Berrikuntza Funtsa (Solventis talde finantzarioak, Elkargirekin elkarlanean, kudeatuta) berrikuntza sustatzeko Europako funts gisa. Aitorpen hori gaur argitaratuko da Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta, modu horretan, funts hori izango da lehena martxoaren 21ean onetsi zen 2/2018 Foru Arauarekin bat eginez jarduten. Arau horrek funts mota horien ezaugarriak eta zerga-tratamendua arautzen ditu.

Orain dela gutxi Berrikuntza Funtsak Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren baimena jaso du eta, Ogasuneko zuzendaritza nagusiaren aitortzarekin batera, dagoeneko jarduteko baldintza guztiak betetzen ditu. Hala, interesa duen orok funts horri zuzendutako ekarpenak egin ahalko ditu eta enpresa txiki eta ertainek garatzen dituzten berrikuntza teknologikoko proiektuak finantzatzeko erabiliko dira. Ekarpenak parte hartzen duten erakundeetako batean banku-gordailu bat eginez burutu beharko dira: Bankoa, BBVA, Caixabank, Kutxabank, Laboral Kutxa, Rural Kutxa, Sabadell eta Santander.

Europako epe luzerako inbertsio-funtsak (FILPE) Europako Kontseiluak eta Parlamentuak erregulatzen ditu, Europa 2020 Estrategiaren baitan, eta foru aldundiak zergei dagokienez bat egin du, herritarrek enpresa txiki eta ertainen berrikuntzako proiektuen finantzazioan gehiago parte hartu dezaten. Horretarako, zerga-onurak ezarri dira, esate baterako, salbuespena Ondarearen gaineko Zergan eta ekarpenaren % 15eko kenkaria PFEZaren kuotan. Dirua bost urte pasa baino lehen berreskuratuz gero, zergadunak zerga-onura hori galduko luke, heriotza kasuen salbuespenarekin.

Funtsaren aurkezpenean ahaldun nagusia sinetsita agertu da 15.000tik gora aurreztaile pribatu jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren aldeko inbertsiogile bihurtuko direla, enpresei 40 milioi euro eskainiz berrikuntzan jardun dezaten eta euren etorkizuna nahiz kalitatezko enplegua berma ditzaten.

ETEek kreditua errazago eskuratu dezaten, foru arauak ezarri du funts mota horiek ematen dituzten maileguen interesak ezingo duela berandutze-interes tasaren % 75 gainditu. Hau da, gehienezko interesa % 2,8koa izango da, funts honek % 2,1eko interes-tasa ezarri badu ere. Itzultzeko gutxieneko epea bost urtekoa izango da.

Segurtasuna eta gardentasuna

Herritarrek egiten dituzten ekarpenen segurtasuna ziurtatze aldera, foru arauak ezarri du funts horiek ematen dituzten mailegu guztiak osotasunean bermatuak egon behar direla, elkar bermatzeko sozietate baten bidez edo kauzio-aseguru baten bitartez. Berrikuntza Funtsaren kasuan, Elkargi elkar bermatzeko sozietateak ETEan egindako inbertsioa bermatzen du, beraz, herritarrek gordailututako diruaren % 100 berreskuratzeko aukera izango dute, ETEak mailegua itzuli ezin badu ere.

Era berean, maileguak berrikuntza proiektuak garatzeko ematen direla ziurtatzeko, eskatzen dituzten ETEek baldintza hori egiaztatu beharko dute erakunde ziurtagiri-emaile baten txostenaren bitartez. Horretarako, Foru Ogasunak hitzarmenak ditu BEAZ foru sozietatearekin eta SPRI euskal agentziarekin, txosten mota horiek dohainik egite aldera. Modu horretan, edozein ETEK finantzazioak xede dituen jardueren izaera berritzailea egiaztatu ahalko du.

Bizkaiko Foru Aldundiak zerrenda bat argitaratu du haren webgunean, Foru Ogasunaren Zuzendaritza Nagusiaren aitorpena duten funtsak biltzen dituena. Edozein herritarrek zerrenda kontsultatu ahalko du helbide honetan: http://web.bizkaia.eus/eu/web/fondos

Harrera foru jauregian

Funtsaren aitorpenaren argitalpenarekin bat eginez, ahaldun nagusiak Solventis erakunde kudeatzaile eta Elkargi elkar bermatzeko sozietateko ordezkariei harrera egin die; baita Bankoa, BBVA, Caixabank, Kutxabank, Laboral Kutxa, Rural Kutxa, Sabadell eta Santander erakunde parte-hartzaileen ordezkariei ere.

Unai Rementeriak azpimarratu du funts horren sorrerak berriro erakusten duela nola Aldundiak hitza betetzen duen eta jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren aldeko konpromisoari eusten dion. Nabarmendu du, halaber, funts horri indarra ematen diotela batetik lankidetza publiko-pribatuak eta bestetik gizarte helduak, bere aurrezkiak enpresa-ehunaren eta enpleguaren sustapenean inbertitzen dituenak. Hori dela eta, funtsari probetxu osoa ateratzeko, berrikuntzan aritzeko eta hobeak izateko eskatu die ETE-ei.

Elkargiko zuzendari nagusi Pío Aguirrek esan duenez, "Elkargi, bere izateko arrazoiarengatik, beti egongo da ETE-en zerbitzura, finantza-entitateen eta erakunde publiko-pribatuen osagarri moduan. Beraz, finantzabideak eskuratzea errazten duten eta herri-proiektuari laguntzen dioten tresna berrien sorrera babestuko du beti".

Bestalde, Eduardo Ruiz de Gordejuelak, Kutxabankeko Txikizkako Negozioaren zuzendari nagusiak, honako hau nabarmendu du: "Funtsaren izaera berritzailea funts berri horrek bideratuko dituen baliabideen helmugan egongo da, eta gure ekonomia eta industria ehuna izango da azken hartzailea. Ekimen horrek bere lekua hartuko du tresna gisa, eta lagundu egingo du gure enpresek jarraitu ahal dezaten hobera egiten, modu jasangarrian hazten; hitz batez, aberastasuna eta lanpostuak sortzen".