ELKARGIk eta ARQUIA BANCAk bat egin dute ETE, autonomo, denda eta ekintzaileen finantzaketa-baldintzak hobetzeko

ELKARGI SGR

ETE-ek, autonomoek eta ekintzaileek egun dituzten finantzaketa-beharren aurrean, Elkargik eta Caja de Arquitectos Sociedad Cooperativa de Crédito – Arquia Banca erakundeak hitzarmen bat sinatu dute. Horren bidez, kreditua eskuratzeko baldintzak nabarmen hobetzen dira. Hitzarmen honek irtenbide finantzarioen sorta zabala eskaintzen du, merkatuko baldintza hoberenetan. Azken buruan, beren enpresa bezeroen egonkortasun finantzarioa bermatzen dute irtenbide horiek.

Javier Ventura Arquia Bancako zuzendari nagusiak eta Pío Aguirre Elkargiko zuzendari nagusiak sinatu dute lankidetza hau. Honen bidez, kreditu-lerro bat ematen da enpresa txiki eta ertainen, autonomoen eta profesionalen egituran dauden funtsezko arazoak ebazteko. Biak pozik agertu dira. Izan ere, hitzarmen honek bultzatu eta sendotu egingo du enpresa- eta merkataritza-proiektu berriak abian jartzea eta lehendik dauden beste batzuk finkatzea, bi finantza-erakundeek euren jarduera egiten duten eremu guztietan.

Hitzarmen honek oso baldintza lehiakorrak eskaintzen ditu —Euribor + % 1etik aurrera—, finantzaketa-kostuek enpresa-proiektuen bideragarritasuna zapuztuko ez dutela ziurtatzeko. Arquia Bancak Elkargi aliatu finantzariotzat hautematen du bezeroei kredituak eta kreditu-arriskuak emateko, bere enpresen finantzaketa globalaren barruan abalak gerora begira dakarren konfiantzagatik. Enpresak duen behar orotarako finantzaketa da: inbertsioak, maniobra-funtserako likidezia, zirkulatzaile-lerroak…

Eraikinak, aktibo finkoak eta zirkulatzailea finantzatzeko eragiketa bakoitzerako gehieneko zenbatekoa 1.500.000 € artekoa izan daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako bazkideentzat, eta 900.000 €-koa Estatuko gainerako enpresentzat. Elkargik enpresak abalatzen ditu maileguen % 100 arte eta salmenten finantzaketaren % 50 arte. Finantzaketa horren helburua produkzio-inbertsioak izan daitezke (esaterako, makineria eta instalazioak berritzea), epe laburrerako diruzaintza-beharrei aurre egiteko, eta enpresak bere kutxa-sarrerak doitu ahal izateko ere.

Pío Aguirrek nabarmendu egin du mota honetako lankidetzaren garrantzia; izan ere: “Ahalbidetzen du enpresek abalaren bidezko finantza-tresnak ezagutzea, horiek epe luzera egonkortasuna eta hazkundea lortzeko bidea ematen baitiete. Gainera, enpresa-proiektu ororen finantzaketaren gakoa konfiantza da, eta Elkargi EGEren abalak kontzeptu hori sendotzen du”.

Bestalde, Javier Venturak honako hau adierazi du: “Finantzaketa-mekanismo bat gaitzen da enpresa txiki eta ertainek aukera izan dezaten euren negozioetarako funtsezkoak diren kreditu-eragiketak gauzatzeko, haien finantza-arazoetarako irtenbide errealak eskainita”.